Idazki labur honen bidez Botulismoa eta Clostridium botulinum gaiaren aritu nahi nuke. Mendebaldeko jendartean gero eta arraroagoa da gaixotasun hau eta kasu gutxi izaten dira. Hala eta guztiz ere garrantzia dute, gaixotasun larriak izan daitezkeelako. Ikasgai honetan ikasiko dugu zer den botulismoa eta bere eragilea, zergatik sortzen den, bere diagnosia nola lortzen den, eta bukatzeko, botulismoaren tratamendua eta bere prebentziorako neurriak zeintzuk diren.
Has gaitezen, beraz, botulismoa zer den azaltzen. Hasteko, esan behar da Clostridium botulinum mikroorganismoen eraginagatik sortzen dela gaixotasuna. Jarraian, mikroorganismoen ezaugarri orokorrak hauek dira: bazilo Gram positiboak, anaerobio hertsiak eta erresistentzia formak edo endoesporak sortzeko kapazak dira. Gizaki eta beste animalia batzuen hesteetako mikrobiotaren kideak dira eta lurrean, espora moduan, luzaro irauten dute. Baina, mikroorganismoen ezaugarri nagusia exotoxinak sortzeko gaitasuna da, naturan ezagutzen diren pozoi ahaltsuenak dira eta. Orain gutxi, erabilera terapeutikoak aurkitu dituzte ikertzaileek, alde batetik espasmoak ekiditeko estrabismoan esate baterako, eta bestetik zimurrak kentzeko kosmetikan (Botox-a).
Lurrean edo uretan dauden esporek elikagaiak kutsatu ahal dituzte toxikapen larria sortuz. Horretaz gain, zauriak esporekin kutsatzen direnean, Clostridium botulinum -a ugaltzen da, zaurien botulismoa eraginez. Bai elikagaietan, bai zaurietan, neurotoxinak sortzen dira. Neurotoxina hauek sinapsis neuromuskularretan azetil-kolinaren askapena eragozten dute paralisi flazidoa eraginez. Elikagaien bidezko toxikapena da agerpen ohikoena eta hestebeteak eta ortuariaren kontserba alkalinoak dira elikagai arriskutsuenak. Elikagai kutsatua jan ondoren paralisiaren sintomak hasten dira nabarmentzen, burutik hasita, poliki-poliki gorputz osoa eragiten dutenak.
Oso garrantzitsua da gaixotasuna ondo aztertu eta diagnosia lortzea, botulismoen kontra tratamendu espezifiko eraginkorra izateko gero. Horretarako, pazienteak eta senideak kontatzen duena, bere esplorazio fisikoa, eta elikagaietan zein lagin klinikoetan toxinaren edo bakterioen agerpena egiaztatzea dira diagnosiaren gakoak. Behin diagnosi espezifikoa lortuta, pazienteak tratamendu sintomatikoa jarraitu behar du zainketa bereziko unitatean. Toxina eliminatzea da helburu nagusia eta antitoxina erabiltzen da horretarako. Bukatzeko, prebentzio neurri nagusiak elikagaien kutsapena ekiditea eta kontserba ondo esterilizatzea da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario