Idatzi labur honen bidez sarrera emango diot alergia gaiari, ikasleen artean jakin mina sor dezan eta motiba daitezen. Ikasgai honetan ikasiko ditugu zer diren alergiak, zergatik sortzen diren, nola aztertzen diren edo bere diagnosia zer den, eta, bukatzeko, bere prebentziorako neurriak eta alergiaren tratamendua zeintzuk diren.
Ziur asko, gehienok izango dugu senide, ezagun edo lagunen bat alergia pairatzen duena. Mendebaldeko jendartetan oso zabalduta dago gaixotasun hau. Oraindik zientziaren bidez frogatu ez den arren, immunologo askok uste dute egoera lotura daukala gizarteen garbiketa eta higiene mailarekin. Hau da, zenbat eta higiene maila altuagoa izan, orduan eta alergia gehiago komunitatean.
Has gaitezen beraz alergia zer den azaltzen. Hasteko, esan behar da alergiaren prozesuan erabiltzen diren mekanismo biologikoak normalak direla. Gure babes sistemak parasitoen kontra erabiltzen ditu mekanismo horiek, naturan oso ohikoak direlako parasitismoekiko harremanak animalien artean. Mekanismoen gakoa IgE immunoglobulina da. Alergietan immunoglobulina espezifikoa parasitoen antzeko egitura daukaten substantziaren kontra sortzen da, hots, lore eta belar polena, esaterako, eta substantzia horiek agertzen direnean gure babes sistemak, parasito bat izango balitz bezala erreakzionatzen du indar handiz, eta sintoma nagusiak agertzen dira: azkura, doministikuak, inflamazioa, hantura, sukarra eta abar.
Oso garrantzitsua da gaixotasuna ondo aztertu eta diagnosi zehatza lortzea, alergiaren kontra tratamendu espezifiko eraginkorra izateko gero. Horretarako, pazienteak kontatzen duena, bere esplorazio fisikoa, azal probak eta odol analisiak dira diagnosiaren gakoak.
Behin diagnosi espezifikoa lortuta, pazienteak saiatu behar du alergia sortzen duen substantziatik ahalik eta urren egotea eta, egoera zein den aztertuz gero, txertoak erabil ditzakegu bere babes sistema kontrolpean edukitzeko. Bukatzeko, alergiaren sintomak agertzen diren neurrian, farmakoak erabil ditzakegu, antihistaminikoak, kortikoideak, eta abar.
Ez dira oso atseginak alergiaren sintomak: ez jasaten dituenarentzat eta ez ingurukoentzat.
ResponderEliminarNi alergikoa nauzu. Ez dut botikarik hartzen eta argudiatuko dut: behinola, alergiaren eragina sortu berri hartan, joan nintzen herriko medikuarenera eta antihistaminiko batzuk errezetatu zizkidan. Hartu nituen antihistaminiko haiek eta eragin loharrarazlea izan zuten nigan. Gainera, urteetan botikak hartzen diharduten batzuei entzun diet, haiek jada ez dutela eraginik beren gorputzetan. Dosi handiagoak behar ote dituzte aurrerantzean?
Gauza bera gertatzen zait eta botikak ez ditut hartzen, oso txarto ez banago. Niretzat udaberrian mendira ez joatea da biderik onena alergia ez jasatzeko. Eta autoko bidaietan leihatilak jaitsi gabe! Hau tristura gurea.
ResponderEliminar